Donostian, 1998ko
Azaroaren 25ean
KULTURA ETA ARTEAREN IHARDUNALDIAK EUSKAL HERRIAREN BURUJABETZA ETA
DEMOKRAZIAREN ALDE
Agur t'erdi,
"Kultura eta Artearen ihardunaldiak Euskal Herriaren burujabetza
eta demokraziaren alde" sortu berri den ekimena aurkezteko asmotan zugana
zuzentzen gara .
Azken urte honetan gizarte mugimendu eta sindikatu ezberdinak
dinamika berri eta itxaropentsua bultzatu dute. Guzti honek,
Lizarra-Garaziko Hitzarmena , ETAren su etena eta burujabetza zein
demokrazian sakontzearen bidean, aurrerapauso erabakiorrak gauzatzeko
abagune egokia sortu du.
Lizarra-Garaziko Hitzarmena abiapuntutzat izan duen une berri
honetan, gizarte esparru sozial ezberdinek nazio eraikuntzarako adostu
dituzten oinarrietan, euskal kultura agente partehartzaile izatearen
garrantzia azpimarratu beharra dago. Orain artean, kultur arloan nahi
beste txertatua egon ez den nazio eraikuntzaren aldeko lan dinamika
bateratzaileak martxan jartzeko ordua iritsi da. Dinamika berri bati ekin
behar diogu , arazoaren sustraira jo eta prozesu eraikitzailean paper
aktibo edo eraginkorra eskuratu. Gatazkan txertaturik, kultura arloan
intelektual mediatikoek egindako deialdi suntsitzaileak alboratu.
Orainarteko ekarpen pertsonaletatik mugimendu kolektiboak heltzera igaro
behar gara, hitzetatik konpromezura, giza eskubideekin batera, eskubide
kolektiboak gauzatzeko aurrerapausoak emanaz, askatasunaren atera
hurbildu. Bide propioa garatuko dituen helburuak finkatuz askatasuna,
demokrazia eta bakearen bidean gure alea erein dezagun.
Abiapuntu gisa idatzi den manifestuari buruzko ideia trukaketa eta
eztabaidarako Durangoko Azokan ospatuko den ihardunaldian parte hartzera
gonbidatzen zaituztegu
Ihardunaldia:
Tokia: Durangoko Museoa.San Agustin kalea, 16.
Eguna: abenduak 6.
Ordua: 10430tan.
Gai ordena:
- "Kultura eta Artearen ihardunaldiak Euskal Herriaren burujabetza eta
demokraziaren alde" ekimenaren aurkezpena.
- Lizarra-Garaziko Hitzarmenean
partehartutako ordezkarien agerpena:
- German Kortabarria (ELAko
komunikazio burua)
- Pernando Barrena (Mahai Nazionaleko kidea)
- Juanjo
Perez (Elkarriko taller Nazionaleko ordezkaria)
- "Euskal Herriko gatazka
elkarrizketaren bidez konpontzearen alde" Madrileko manifestuaren
ordezkari bat
- Aurkeztutako testu eta proposatutako egitasmoari
hausnarketa eta zuzenketak.
- Subiranotasunean oinarritutako pentsamenduen
inguruko prozesu eratzailea antolatzeko urratsak.
Prentsaurrekoa:
Ordua: 13:30tan.
Tokia: Durangoko Azokako prentsa aretoa.
Abenduak seian elkar ikusiko garelakoan agurtzen gara
besarkada batez
AUTODETERMINAZIOAREN BIDEA URRATU,
ARTEAREN ETA KULTURAREN BAITATIK
- Badira ehun urte, nazioarteko harremanen berrantolaketa sakon bat
gertatu zela, Espainia eta Estatu Batuen arteko gerra, Puerto Rico eta
Panamako gatazka eta, Kubako mambisen eta Filipinetako tagaloen
errebindikazioen ondorioz. Kolonia hauen independentziak, identitate krisi
sakon bat suposatu zuen, Estatu Espainolean pentsalari belaunaldi oso
baten gain eragin zuena, eta baita gizarte oso batean belaunaldi askotan
zehar. Maine hondoratzearekin, borboitar berrezarkuntzako bi partidu
handiak - Canovas eta Sagastarena- behera etorri ziren.Quai D4Orsay-n
sinatu zen suetenarekin, garai hartan beren askatasunaren alde borrokatu
zuten herrien benetako arazoak ez ziren konpondu. Aitzitik, Espainiar
koroak emaniko Konstituzio Autonomikoa (egun indarrean dugun 1978koaren
oinarri juridikoa izan zena) ez zen gauza izan politikoki, gatazka haien
oinarrian zeuden burujabetza eta askatasun nahiean oinarritutako bakea
bideratzeko.
- Modu berean duela hogei urte, Francoren ondorengo trantsizioaren
ondorioz gauzatu zen konstituzioak gurea bezalako herrien errebindikazio
nazional historikoen autodeterminazio osorako bidea moztu egin zuen, eta
egun gizarte sektore zabalen artean eskasegitzat jotzen den estatutuan
oinarrituriko bidea ezarri zuen.
- Duela mende bat bezala, duela hogei urte bezala, Espainiaren edota
Frantziaren arazoa berriro da nola egin aurre Euskal Herriak bezalaxe
beren burujabetzan aurrera egin nahi duten herrien eskaerei, demokrazia,
gizabanakoaren eskubideak eta eskubide kolektiboak sakonduz nor izateko
beren bide propioak urratu nahi dituztelarik. Izan ere, orduan bezalaxe
gaur, arazoa ez baitatza euskaldunongan ( katalanengan, gailegoengan,
kanariarrengan, korsikarrengan edo Bretoiengan), baizik eta espainiar eta
frantziar estatuek bere menpe dituzten herrientzako
autodeterminazio-bideak irekitzeko duten gaitasun-ezean. Baina orduan
bezalaxe gaur, eta kubatarrek eta filipinarrek egin zuten bezala, bide
horiek irekiko badira indarrak bildu beharra dago, gure herriaren baitan
ez ezik beren askatasunaren alde diharduten beste herrienetan ere.
- Egun bada urtebete baino gehiago euskal gizarte-mugimenduek eta
sindikatuek ekin ziotela dinamika berri, itxaropentsu, bateratzaile eta
anitz bati, Lizarra-Garaziko akordioa edota ETAren suetena bera erraztu
dituena. Hegoaldean, dinamika horrek agerian uzten ditu, ez bakarrik
diktaduratik sortutako marko konstituzionalaren mugak, baizik eta
Estatutuaren akidura ere, euskal gizartearen parte handi batek galdatzen
dituen burujabetza eta demokraziarako bide egokia izateko den
bezainbatean. Iparraldean, argi azaltzen du burujabetasun maila handiagoen
beharra, departamentu propio baten errebindikazioaren bitartez eta Hego
Euskal Herriarekin artikulazio mekanismoen beharraren bitartez. Dinamika
berri hori inflexio-puntu bat baita geure bide propioaren bilaketan, eta
gune historikoa euskal nazio eta gizarte eraikuntzaren prozesuan. Fase
berri bat hasi da euskal prozesu eratzailean. Arazoa ez da jadanik "euskal
gizartearen baitako bortizkeriarena", ezari-ezarian, jadanik mende bat
baino gehiago igaro da , espainiar zein frantses Estatuek bere identitate
propioa, esklusiboa eta baztertzailea auzitan jartzeko orduan duten arazoa
agerian geratu dena..
Prozesu berri honi esker "biharamunean" gaude jada, bake-proposamenetatik
eta gatazkaren alderdirik gordinenetatik haraindi baikabiltza: dinamika
horrek arazoaren sustraira jotzen du, egungo marko juridiko-politikoaren
gutxiegitasuna nabarmenduz, eta gure herri osoarentzat burujabetza maila
handiagoa eta erabakimen osoa planteatuz. Horregatik hemen jokoan dagoena
ez da soilik gatazka baten irtenbidea bilatzeko aukera, baizik eta
aspaldiko eskasia demokratiko sakon bati akabera ematekoa. Halaber,
prozesu horri esker, gaindituak geratu dira jada gatazkan enkistaturik
edota nagusi den status quo-an babesturik egindako deialdi "intelektual"
haiek. Bakea eta askatasunari begira egindako diskurtso berri baten
beharrean gaude. Zientzia eta artearen ikuspuntutik, euskal prozesu
eratzailearen fase berri honetarako, geure bide propioa bilatu beharra
azpimarratuko dituen diskurtsoa.
- Une honetan, pentsamenduaren eta kulturaren mundutik, unibertsitatetik
eta artearen baitatik, zer hausnarketa egin dezakegu testuinguru berri eta
itxaropentsu honetan?, zein izango da gure ekarpena egungo 98 honetarako
Euskal Herritik?, zer proposa geniezaioke euskal gizartearentzat
erabakitze-marko berri baten eske diharduen gizarte-mugimendu zabal eta
anitz horri?. Beraz, Lizarra-Garaziko arima Kultur arlora nola hedatu?.
Demokrazia sendotu eta orainari eta etorkizunari buruzko gure partehartzea
handitzeko bizitzen ari garen bezalako une erabakigarri honetan, badirudi
lanbidetzat hausnarketa, hezkuntza, ikerketa, edo sorkuntza dugunok ez
aurrera ez atzera gaudela, erabat apatiko. Gizarteak estimu handikotzat
duen postuan laketurik, harriturik edo zain geratu bide gara gainditu egin
gaituen dinamika horren aurrean, eta bitartean, betiko intelektual
mediatikoak hor ari zaizkigu betiko leloa errepikatzen, beste ezertarako
ezgauza. Alabaina, berehala parte hartu beharra dagoela dirudi. Kontua
litzateke beraz, dinamika horrek egindako enbidoari eustea "kulturaren"
eta "pentsamenduaren" mundutik elkartzeko, ideiak trukatzeko eta eztabaida
bideratzeko guneak sortuz, pentsamendu eta estetika propio batzuk
itxuratzeko ahaleginean geure onenak ematen saiatuz.
- Lan horri ekiteko balegoke eztabaida eta hausnarketa jardunaldi bat
antolatzea, non kultura, artea eta unibertsitatearen arloetatik
burujabetza eta euskal demokrazia sendotzea eskatzen duen prozesu horri
buruz ekarpenak egiten has bailiteke, ahalik eta ekarpen zabalen,
desberdin eta anizkunenak. Horretarako, proposatzen dena da "Kultura eta
Artearen jardunaldia Euskal Herriaren burujabetzaren eta demokraziaren
alde", Oqatiko Unibertsitatean burutuko litzatekena, datorren urtearen
bukaera aldera. Durangoko Azokarekin batera, abenduaren 6an egingo dugun
bileran antolaketak eta prestakizunak zehazten hasiko ginatekelarik. Asmoa
litzateke banakoen atxekimenduak eta kulturaren arlo desberdinetako
partehartzea jasotzea, arloka landu eta gero bateratuz. Interesgarri
litzateke, halaber, Lizarrako akordioaren sorburuan egon den plataforman
izandako eztabaidak eta etorkizunari buruzko hausnarketak zuzenean
ezagutzea. Gainera, beren herrietako burujabetza prozesuetan diharduten
ikertzaile edo artista irlandarrak edota quebectarrak gonbida litezke, eta
baita herrien demokrazia eta bakearen alde nazioartean nabarmendu den
batenbat ere (A. Pirez Esquivel eta/edo Rigoberta Menchz). Kalerako
emaitza gisa plazara daitezke, aterako diren bestelako proposamen eta
ekimenen artean, manifestu bat eta arlo bakoitzetik izandako ekarriak,
banakoenak, kolektiboak, eta bateratzetik sorturikoak. Helburua litzateke
ikertzaile, artista eta, oro har, kultur munduko jendeen arteko
elkartrukerako sareak eratzea eta sendotzea, gure eginbidearekin euskal
prozesu eratzailea edukiz betetzen, eta euskal burujabetza eta demokrazia
funtsatzen lagun dezagun.
 |
 |